Aztertu, Aldarrikatu eta Aritu

aztertuArgitalpen hau bertsio moldatua da, Desazkunde eta Bizitze Ona sareak eginiko honako testuaren bertsio laburrago eta errazagoa:

“Euskal Herritik kolektibotasunean eraikiz: bizi estilo jasangarrietan oinarritutako gizarte justu eta bidezko baten eraikuntzarako analisi eta aldarrikapenak”.

Argitalpen honen helburua da gure bizimodua aldatzeko beharraz hausnartzea. Izan ere, gaur egungo eredua krisian dago, eta ez da jasangarria.

Baina badaude alternatibak egoera aldatzeko; alternatiba horiek gauzatzeko aldaketa soziala eta politikoa behar da, baina baita aldaketa indibiduala ere, eguneroko bizitzatik.

2010ean Desazkundea eta Bizitze Ona izeneko sarea sortu genuen gizarte mugimendu, GGKE, sindikatu eta sare batzuek.

Sarearen helburua honakoa zen: eredu soziala, politikoa eta ekonomikoa eraldatzen laguntzea, ikuspuntu feministatik. Urtero, 2011tik hasita, topaketa eta ekintza desberdin ugari antolatu ditugu esperientziak eta alternatiba desberdinak ezagutzeko, eta lanaz, enpleguaz, zaintzetaz… gogoeta egin dugu, ekologismoaren eta feminismoaren ikuspegitik besteak beste. Horrela, elikadura, zaintza, energia eta ekonomiaren sistemak zalantzan jarri ditugu ere.

Liburu berri honek hori guztia jasotzen du eta “Euskadi Irakurketa Erraza” kolektiboko jendearekin batera burutu dugu. Beraiek ulermen arazoak eta irakurtzeko zailtasunak dituzten jendearentzat (jendartearen %30a dira) era guztietako dokumentuak moldatzen dituzte.

Emaitza, pertsona guztientzako argitalpen atsegin, pedagogiko eta irakurterrez bat da.

Hemen eskuratu dezakezu: Aztertu, aldarrikatu eta aritu

2020-10-02T15:40:39+02:002020 2 urria|0 Comments

Tokiko Politika publikoetatik bizimodu jasangarrietarantz

 

tokiko politikak

 

 

Krisi honek zenbait galdera sortu dizkigu, orrialde hauetan jasotzen ditugunak: zeintzuk dira funtsezko lanak, eta gaur egun nola balioesten (gutxiesten) ditugu? Nola bermatu energia- eta elikadura-burujabetza, eragiteko gaitasunik uzten ez diguten urruneko prozesuen mende ez egoteko? Nolakoak dira gure etxebizitzak, konfinatuta egon garen horiek? Nolakoak dira gure auzoak, eta zenbateraino dira bizigarriak gure inguruko lurraldeak?

 

Etorkizun hurbilean, ziurrenik, hemen proposatutako bideetako batzuetatik igaroko dira aldaketak. Gure ustez ezinbestekoa da birlokalizaziora jotzea, eta ondorioz, hurbileko erakunde publikoek protagonismo handiagoa izatea. Ez dakigu aurrerantzean zer gertatuko den, baina esan dezakegu COVID-19aren osteko urgentziak ez dituela zapaldu gida honetako edukiak; aitzitik, egoerak indartu egin ditu. Izan ere, eta hori posible bada, proposamen hauek are premia handiagoa dutela ikusi dugu.

2020-10-02T15:44:32+02:002020 2 ekaina|0 Comments

EHU-ko ikastaroaren laburpen dokumentua

Asko izan zen ikastaroak iraun zuen 3 egunetan ikasi, elkarbanatu eta bizi genuena, beraz uste dugu garrantzitsua zela guzti hori jasotzea Bizitza Jasangarrien bide honetan jarraitu ahal izateko…Bide horretan ikusiko dugu elkar!

Dokumentua hemen duzue:

Laburpena_GaraizGaude

Alternatiben Mapa Bat

Mapa hau, gure lurraldeen eraldaketa bultzatzeko elikadura burujabetza ikuspegi politiko batekin lantzen duen hausnarketa eta ikasketa prozesu kolektibo baten ondorio da. Elikadura burujabetzaren proposamen hau hedatu eta maila lokalean zein nazioartekoan beste sektore eta eragile batzuek bere egin dezaten, beharrezkoa da baliabide propioak sortzea, perspektiba eta formatu anitzetan komunikatu ahal izateko. Zentzu horretan, webgune honek espazio birtual bat izan nahi du, esperientzia berritzaileak aurkitu nahi dituzten pertsona eta erakundeentzako erreferentziazko behatoki bat, ikasi eta islatzeko aukera emango diena. Gaur egun lurraldean eraiki diren eta eremu publikoa ikuspegi eraldatzaile batekin sustatzen duten 60 esperientzia eta alternatiba kontsultatu daitezke webgunean.

Aipatu dugun bezala, webgunea prozesu baten emaitza da; elikadura burujabetzaren esparruko esperientzia praktikoen sozializazioa emateko osatu zen Bide Berriak: Elikadura Burujabetza Euskal Herrian dokumentalarekin hasi zen prozesuaren emaitza. Horren ondotik, hausnarketa bati bide eman zitzaion, zeinaren ondorioz Bestelako bizi ereduak sustatzeko burujabetzak ereiten Euskal Herrian dokumentuan jasotako marko teorikoa osatu zen, bai eta Euskal Herrian garatutako esperientzia zehatz askotako gakoak eta baliabideak osatu ere.

Ikerketa honen ondorioz, elikadura burujabetzaren ikuspegia behar bezala ulertzeko hiru gako beharrezkoak direla ondorioztatu genuen: erabakitzeko eskubidea; alternatiben eraikuntza kolektibo eta herritarra; eta nekazarien ekonomia eta agroekologia proposamena hezurmamitzen duten kontzeptu bezala. Era berean, goian aipatutako gakoak tokikotasunetik eta elikadura burujabetzatik garatu nahi dituzten proposamen kolektiboak eraikitzeko burujabetzen elkarketa beharrezkoa dela uste dugu. Hau da, proposamen alternatibo horiek egituratzeko burujabetza esparru edo ardatzak. Gure ustez esparru estrategiko horiek hauek dira (askoz gehiago izan daitezkeen arren): ondasun naturalak, energia, tokiko elikadura sistemak, emakumeen autonomia eta eskubideak, eta azkenik komunaren eta jakintza librearen antolaketa.

Esparru horien arabera sailkatuak topatuko dituzue webgunean ere esperientzia ezberdinak. Era berean, esperientziak hautatu daitezke erabiltzen ari diren lanabesen arabera: ezagutzen eta hausnartzen, planifikatzen, arautzen, abiarazten edota sareak sortzen. Esperientziak sailkatzeko azken aldagaia sustatzaile motaren araberakoa da: tokiko erakundeak, erakunde sozialak, emakumeen edo feministen kolektiboak, akademiak, nekazarien erakundeak edo sareak ote diren esperientzia horien sustatzaileak.

Hain zuzen ere, mapatze honetan barnebildu diren lehenengo esperientziak ikerketa honetan jasotakoak dira. Era berean, webgunean gehitu dira Politika Publikoak Elikatzen mintegian eta Errumanian egindako Nyéléni Europako Foroan ezagututako tokiko politika publikoen esparruko esperientziak ere.

Proiektu hau nekazari mugimenduen, instituzio publikoen eta erakunde sozialen arteko aliantzak sustatzeko helburua duen estrategia zabalago batean kokatzen da. Xede nagusia estrategia bateratu bat lantzea da; jendartea subjektu aktibo bezala indartzeko, eta elikadura burujabetzaren eta feminismoaren irizpideetan oinarritutako alternatibak sustatzeko. Horretarako ezinbestekoa da esparru, eragile eta esperientzia ezberdinetatik jakintzen eta ezagutzen trukea elikatzea.

Horregatik jarraitu nahi dugu mapa hau elikatzen, ez dadin biltegi huts bat izan, baizik eta elikadura burujabetzatik eraldaketa sustatzen duten eragileentzako espazio bizi bat, elkar-trukerako eta hausnarketarako gune bat. Proiektuak kolektiboa izaten jarraitu dezan denon parte hartzea ezinbestekoa da. Ezagutzen dituzuen esperientzien gaineko informazioa webgunearen bidez igo dezakezue, PARTE HARTU orriaren bidez. Bestalde, webgunean dauden eta garatzeko iradokitzaileak zaizkizuen zuen esperientziekin ere harremanetan jar zaitezkete, bai eta beharrezko antzematen dituzuen aldaketak jasotzeko gurekin kontaktuan jarri ere.

Webgune hau guztiona izatea espero dugu, txikitik eta tokikotasunetik -horixe baita gure bizitzak zinez aldatzen dituena- eraikitzen jarraitzeko lanabesa.

2019-08-22T16:53:22+02:002019 14 ekaina|0 Comments

Bizimodu jasangarrien aldeko Herri auzitegia

Izenburua: Bizimodu jasangarrien aldeko Herri auzitegia

Egilea: Mugarik Gabe & Tipi tapaBagoaz

2018ko otsailaren 23 eta 24an Bilbon ospatu zen Bizitza Jasangarrien Eskubidearen Aldeko Herri-Auzitegia. Auzitegi hau kolektibo anitzek (Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak, sindikatuak, mugimendu sozialak) sarean egindako lanaren emaitza izan zen. Mahai gainean jarri eta salatu zituen mundu osoan ematen diren Bizitza Jasangarriekin loturiko Giza Eskubideen urraketak. Horrela, Euskal Herria, espainiar estatua, Mendebaldeko Sahara, El Salvador, Argentina eta Mexikoko testigantzak aurkeztu ziren.

Argitalpen honek adituek eta fiskaltzak azaldutako txostenak, aurkeztutako kasuen laburpenak eta epaimahaiak emandako ebazpena jasotzen ditu. Auzitegi honek hainbat helburu bete dituelakoan gaude: salaketa, memoria berreskuratzea, munduko zenbait tokitan bizitzaren defentsan ematen diren erresistentzia eta protesta prozesuei elkartasuna adieraztea eta baita erreparazio sinboliko bat izatea giza eskubideen urraketa hauek pairatu dituzten pertsonentzat.

2019-08-21T15:48:38+02:002019 13 martxoa|0 Comments
Go to Top