Mapa hau, gure lurraldeen eraldaketa bultzatzeko elikadura burujabetza ikuspegi politiko batekin lantzen duen hausnarketa eta ikasketa prozesu kolektibo baten ondorio da. Elikadura burujabetzaren proposamen hau hedatu eta maila lokalean zein nazioartekoan beste sektore eta eragile batzuek bere egin dezaten, beharrezkoa da baliabide propioak sortzea, perspektiba eta formatu anitzetan komunikatu ahal izateko. Zentzu horretan, webgune honek espazio birtual bat izan nahi du, esperientzia berritzaileak aurkitu nahi dituzten pertsona eta erakundeentzako erreferentziazko behatoki bat, ikasi eta islatzeko aukera emango diena. Gaur egun lurraldean eraiki diren eta eremu publikoa ikuspegi eraldatzaile batekin sustatzen duten 60 esperientzia eta alternatiba kontsultatu daitezke webgunean.
Aipatu dugun bezala, webgunea prozesu baten emaitza da; elikadura burujabetzaren esparruko esperientzia praktikoen sozializazioa emateko osatu zen Bide Berriak: Elikadura Burujabetza Euskal Herrian dokumentalarekin hasi zen prozesuaren emaitza. Horren ondotik, hausnarketa bati bide eman zitzaion, zeinaren ondorioz Bestelako bizi ereduak sustatzeko burujabetzak ereiten Euskal Herrian dokumentuan jasotako marko teorikoa osatu zen, bai eta Euskal Herrian garatutako esperientzia zehatz askotako gakoak eta baliabideak osatu ere.
Ikerketa honen ondorioz, elikadura burujabetzaren ikuspegia behar bezala ulertzeko hiru gako beharrezkoak direla ondorioztatu genuen: erabakitzeko eskubidea; alternatiben eraikuntza kolektibo eta herritarra; eta nekazarien ekonomia eta agroekologia proposamena hezurmamitzen duten kontzeptu bezala. Era berean, goian aipatutako gakoak tokikotasunetik eta elikadura burujabetzatik garatu nahi dituzten proposamen kolektiboak eraikitzeko burujabetzen elkarketa beharrezkoa dela uste dugu. Hau da, proposamen alternatibo horiek egituratzeko burujabetza esparru edo ardatzak. Gure ustez esparru estrategiko horiek hauek dira (askoz gehiago izan daitezkeen arren): ondasun naturalak, energia, tokiko elikadura sistemak, emakumeen autonomia eta eskubideak, eta azkenik komunaren eta jakintza librearen antolaketa.
Esparru horien arabera sailkatuak topatuko dituzue webgunean ere esperientzia ezberdinak. Era berean, esperientziak hautatu daitezke erabiltzen ari diren lanabesen arabera: ezagutzen eta hausnartzen, planifikatzen, arautzen, abiarazten edota sareak sortzen. Esperientziak sailkatzeko azken aldagaia sustatzaile motaren araberakoa da: tokiko erakundeak, erakunde sozialak, emakumeen edo feministen kolektiboak, akademiak, nekazarien erakundeak edo sareak ote diren esperientzia horien sustatzaileak.
Hain zuzen ere, mapatze honetan barnebildu diren lehenengo esperientziak ikerketa honetan jasotakoak dira. Era berean, webgunean gehitu dira Politika Publikoak Elikatzen mintegian eta Errumanian egindako Nyéléni Europako Foroan ezagututako tokiko politika publikoen esparruko esperientziak ere.
Proiektu hau nekazari mugimenduen, instituzio publikoen eta erakunde sozialen arteko aliantzak sustatzeko helburua duen estrategia zabalago batean kokatzen da. Xede nagusia estrategia bateratu bat lantzea da; jendartea subjektu aktibo bezala indartzeko, eta elikadura burujabetzaren eta feminismoaren irizpideetan oinarritutako alternatibak sustatzeko. Horretarako ezinbestekoa da esparru, eragile eta esperientzia ezberdinetatik jakintzen eta ezagutzen trukea elikatzea.
Horregatik jarraitu nahi dugu mapa hau elikatzen, ez dadin biltegi huts bat izan, baizik eta elikadura burujabetzatik eraldaketa sustatzen duten eragileentzako espazio bizi bat, elkar-trukerako eta hausnarketarako gune bat. Proiektuak kolektiboa izaten jarraitu dezan denon parte hartzea ezinbestekoa da. Ezagutzen dituzuen esperientzien gaineko informazioa webgunearen bidez igo dezakezue, PARTE HARTU orriaren bidez. Bestalde, webgunean dauden eta garatzeko iradokitzaileak zaizkizuen zuen esperientziekin ere harremanetan jar zaitezkete, bai eta beharrezko antzematen dituzuen aldaketak jasotzeko gurekin kontaktuan jarri ere.
Webgune hau guztiona izatea espero dugu, txikitik eta tokikotasunetik -horixe baita gure bizitzak zinez aldatzen dituena- eraikitzen jarraitzeko lanabesa.
Utzi iruzkina