Abuztuko bi aste iragan ziren mendebaldeko hedabideak pixkanaka Amazoniako suteen berri ematen hasi ziren arte. Oraindik ere, irailean gauden honetan, uko egiten diote Afrika ekuatorialeko (Kongo, Angola…) sute are handiagoen berri emateari. Lehenengo suteez hilabete pasata eta albisteetan egun batzuez agertu ostean, Amazonia desagertu egin da berriz ere egunkari-azal eta lehenengo albisteetatik, nahiz eta egoera larria den oraindik ere eta suak basoa irensten jarraitzen duen.

Munduko boteretsuenak deitzen dituzten gobernuek Biarritzeko G7an hartutako jarrerak argi erakusten digu esandakoa, eta Amazoniako egoeraren inguruko interes falta. Suak milaka hektarea irensten zituen bitartean ospatu zen G7a, eta guztiz bihozgabe ez agertzeko eta hedabideetan kezka agertuz protagonismo apurra izateko, sutea itzaltzera ia 20 milioi bideratzea adostu zuten; inoiz egikarituko ez den dirua, ziurrenik. Eskandaluzko ridikulua izan zen, sare sozialen bidez gogorarazi baitzieten iragan urtean, Parisko Notre Dameko sabaia berreskuratzeko, nazioarteko konpromisoak ehunka milioi bildu zituela ordu gutxian. Tristea da gure agintari boteretsu eta “zentzudunek” ez ulertzea “katedral natural” batzuen suntsipena; elite horien muturreko hipokrisiaren adierazle ere bada.

Egun horietan argi agertu zen, baita ere, arriskuan dauden ekosistemekiko kezka. “Munduko birikak” suntsitzeak dakartzan arriskuei buruzko analisiak gailendu ziren; klima-aldaketan izango lituzkeen ondorioak, etorriko liratekeen eurite eta lehorteak… Egoera larria eta kezkagarria da, zalantzarik gabe; gure jendartearen kontzientzia esnatzeko hainbat analisi plazaratu dira, gure planetarentzat eta datozen belaunaldientzat marrazten ari garen etorkizunari buruz. Hala ere, deialdien eta giza kontzientziarako hausnarketa horien guztien premia gorabehera, berriz ere Amazonia mendeetan zaindu, errespetatu eta bizilekutzat izan duten biztanleak ikusezin bihurtu ziren kronika eta telebistako irudi gehienetan. Albisteetako irudiek oihan idilikoa erakusten digute, non fauna basatia eta flora endemikoa, ez beste ezer, aske eta armonian bizi diren. Baina 400 herri indigena baino gehiago bizi dira lurralde horretan; milioi bat biztanle baino gehiago. Demagun, gure hiriburu handietako bat bi astez sutan egon ondoren, hedabideak eta klase politikoa soilik eraikinen, kaleen eta parkeen egoeraz kezkatuko balira, bakarrik horretaz hitz egingo balute.

Izan ere, beste behin, eliteen interes ekonomikoak nagusi izan dira norabide bakarreko analisi, adierazpen eta hausnarketa eskasetan. Egon dira ere salbuespen prestuak, baina ukaezina da hedabideek eta klase politikoak Amazoniaz ari zaizkigunean paradisu edo infernu berde eta hutsaren irudia helarazten digutela soilik. Beharbada hortxe dago gakoa, beste behin ere; historikoki, kolonizazio prozesuek helarazi diguten irudia lurralde hutsen irudia da —“terra nullius” izenez ezagunak—, edo jaberik gabeko lurraldeena. Bi kontzeptu horiek, bereziki jaberik gabeko lurrarenak, zelaia zein kontzientzia garbi uzten ditu inbasioa eta okupazio koloniala gauzatzeko. Horrela, gaur Amazoniaz ari garenean, aspalditik inposatu nahi duten ideia datorkigu. Nazioarteko komunitateak hainbatetan proposatu du Amazoniako arroa nazioarteak berak kudeatzeko beharra, planetaren biziraupenean daukan garrantzia dela eta. Bestalde, arroaren parte diren zortzi herrialdeetako gobernuek diote beraiek direla lurralde horren arduradun burujabeak. Batzuek zein besteek ez diete jaramonik egiten lurraldeko benetako jabeei; herri indigenek ehunka urtez erakutsi dute haiek direla Amazonia erabiltzen, kontserbatzen eta gozatzen jakin duten eta dakiten bakarrak, arriskuan jarri gabe bertako bizitza-sistema integralen bioaniztasuna eta jasangarritasuna.

Egun, Brasilgoa bezalako gobernu sasifaxistek ezabatu beharreko oztopotzat dituzte indigenak, lurrak meatzari, abeltzain eta agroindustrialei emateko. Beste gobernu askok, “nazioarteko komunitate kezkatuko” herrialde gehienek bezala, botere ekonomikoen gidaritzapean, Amazonia espazio esploratugabea dela deritzote, aberastasun hidriko, mineral hidrokarburifero eta agroindustrialez betea, eta basoak ustiatzeko aukerez lepo dagoen lurraldea dela, kosta ala kosta banatu eta ekoitzi beharrekoa; adierazpenetan defendatzen dituzten baina ezagutzen ez dituzten milioi bat biztanleen kontura ere, nahiz eta biztanleek natura zaintzen dakitela frogatu, haien ustezko defendatzaileen kontrara.

Horregatik guztiarengatik, gaur, Amazoniako oihana sutan egoteaz gain, 400 herri indigenaren bizilekua ere badago sutan. Ehunka kultura, ezagutza eta jakituria —batzuk ezinbestekoak ama lurrak iraun dezan—, desagertzera kondenatuak. Ehunka milaka pertsona daude beren etxeetatik kanporatuak izateko arriskuan, Sao Paulo, Rio de Janeiro, Lima eta Bogotako bazterretako auzoetako miseria handitzera joateko arriskuan. Galdera honakoa da, batzuentzat inozoa agian: kasu honetan, errealitatea hau dela, Brasilgoa bezalako gobernuen ekintza arduragabeak; sutearen ke-lainoaren atzean ezkutatzen direnen jardunak; lur-jabeen, oligarken eta transnazionalen interes ekonomikoak, azken horiek izanik egoeraren egiazko arduradunak… Ez al da posible horiek guztiak gizateriaren aurkako krimenengatik epaitzea? Antzeko beste galdera bat: nazioarteko komunitate hipokrita eta interesdunak genozidiotzat hartu izan badu judu-herriaren erailketa masibo, kontziente eta berariazkoa, ez al da posible oraingo egoera ere genozidiotzat kalifikatzea, milioi bat pertsonaren existentzia kolokan dagoela? Bestela, berriz ere ondorioztatu beharko dugu sistema neoliberal honentzat bizi eta herri guztiek ez dituztela duintasun eta eskubide berdinak.

Garbitu itzazue gezurrezko malkoak, utzi Amazonia tokiko zein munduko eliteentzako irabazi ekonomikoen merkatu gisa ikusteari, eta errespetatu ezazue naturan begirunez bizitzen jakin izan dutenen existentzia. Atera itzazue, batzuek zein besteek, zuen eskuak Amazoniatik, eta soilik horrela biziraungo digu. Bestela, datozen belaunaldiek ez ezik, gure seme-alabek ere ikusiko dute nola hilko eta desagertuko den giza- zein natura-aniztasun aberatseko espazio hau.

Jesus González Pazos

Mugarik Gabeko kidea

2019/09/10