‘TipiTapa Bagoaz: Hacia Vidas SOStenibles’ kanpainak eta Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak laburmetrai lehiaketa bat antolatu dute Gabonetan ematen diren gehiegikeriak nabarmentzeko, batez ere kontsumoari lotutakoak. #IrauliGabonak lelopean, partaideek jaialdi hauetako dinamikak kritikatu, salatu edo parodiatu beharko dituzte eta baita ere bizitza jasangarriagoen aldeko alternatiba sozialak eta ekologikoak ikustarazi.

Proposatutako alternatibek kontsumo arduratsua, alternatiba energetikoak, ekonomia solidarioa edo anti-kontsumismoa jorra dezakete, baina baita ere etxeko eta zaintza lanen banaketa. Mugarik Gaberen arabera, “ondasun pilatzean eta hazkunde mugagabean oinarritutako sistema honek bizitza suntsiten du, hortaz premiazkoa da pertsonak eta planeta erdigunean jartzen dituzten neurriak eta aukerak ezagutzera ematea eta sustatzea”. Hori da sorkuntza eta ikus-entzun komunikazioaren bidez kanpaina honek egin nahi duen ekarpena.

Lehiaketak sarien bidez guztira 2.500 euro banatuko ditu epaimahai batek zein publikoak sare sozialen bidez hautatutako duten irabazleen artean. Interesa duen edonork parte har dezake. Ikus-entzunezko piezak aurkezteko epea 2019eko Otsailaren 7rarte zabalik egongo da. Informazio guztia, lehiaketaren oinarriak eta espezifikazio teknikoak lotura honetan daude:
https://www.decrecimientoybuenvivir.info/eu/irauli-gabonak/

Hausnarketa kolektiboa

Gizarte mugimenduko taldeez, GGKEez eta sindikatuez osatutako komunikazio kanpaina bat da ‘TipiTapa Bagoaz: Hacia Vidas SOStenibles’. Garapen eredu neoliberalaren aurrean alternatibak bilatzen ditu ekimen honek, erdigunean bizitzaren eta planetaren zaintza kokatuz. Deshazkundea eta ongi bizitzea dira ikuspegi feminista duen kanpaina honen ardatzak.