Bizimodu jasangarriagoetarantz doan ibilbide honetan, kontuan hartu behar dugu, alde batetik, naturarekiko mendekotasuna dugula bizitzeko beharrezko gauzak eskuratzeko, eta bestalde, bizitza ezinezkoa dela beste pertsonen zaintzarik jaso gabe. Hortaz, zaintza-lanaren aitortza eta lehentasuna aldarrikatzen dugu Bizitza jasangarrien aldeko Herri Auzitegian, gizarte osoak partekatu beharreko erantzukizuna den neurrian, horrela bermatuta egon dadin pertsona orok zaintza-sistemak baliatzeko aukera, eta baita zaintzaileen duintasuna eta lan-baldintzak ere.
Pertsona zaintzaileen duintasuna
Kasu honetako protagonista Pilar Gil Pascual da. Pilar 1958an etorri zen Bilbora bizitzera eta etxeko langile aritu zen, bere lurraldean gerraosteak sortu zuen txirotasunaren ondorioz enplegu baten beharra zuelako. Hasieran barneko langile aritu zen, eta gerora eguneko langile. Horrez gain hainbat ekimenetako militante izan da, eta orain erretiroa hartu duen arren, aktibo jarraitzen du.
Pilarrek beste hainbat emakumeren kasua gorpuzten du; emakume, zaintzaile, txiro eta migratzaile gisa duten posiziotik, emakume horiek aurre egin behar izan diete, batetik, patriarkatuak zein kapitalismoak bizitzaren jasangarritasunaren eskubidea gauzatzeko jartzen dituzten oztopoei, eta bestetik, zaintza lanak justizia eta duintasun baldintzetan gauzatzeko mugei.
Salatzekoa da ere emakumeek genero-estereotipoen ondorioz pairatzen duten presioa, zaintza-lanak doan eta aitortzarik gabe egin ditzaten. Hala gertatzen da senideak edo gertukoak zaintzeko betebeharrarekin, eta batzuetan ingurukoek xantaia emozionala egin eta erru-sentimendua egozten diete. Zaintza erantzukizun soziala dela ulertzen dugu guk, pertsona guztiok gure gain hartu behar duguna.
Modu bereziki gogorrean salatu eta ikusarazi nahi dugu zaintzaile izateaz gain migrazio-prozesuak,
arrazakeria, xenofobia eta bestelako aurreiritzi zabalduak bizi izan dituzten emakumeen zapalkuntza
espezifikoak.
Kasu honek erakusten du emakumeek gauzatutako zaintza-lanak ez aitortzeagatik desparekotasuna
eta bidegabekeria sortzen direla maila sozial, legal zein ekonomikoan. Hori dela eta, aldarrikatu eta
aitortu nahi dugu bizitzaren jasangarritasunarentzat zaintza-lanek daukaten garrantzia eta
lehentasuna.
Utzi iruzkina