Herri Auzitegian zaintza lanez jardungo gara. Post honetan landuko ditugun gai zehatzez arituko gara.

Bizimodu jasangarriagoetarantz doan ibilbide honetan, kontuan hartu behar dugu, alde batetik,
naturarekiko mendekotasuna dugula bizitzeko beharrezko gauzak eskuratzeko, eta bestalde, bizitza
ezinezkoa dela beste pertsonen zaintzarik jaso gabe. Hortaz, zaintza-lanaren aitortza eta lehentasuna aldarrikatzen dugu Bizitza jasangarrien aldeko Herri Auzitegian, gizarte osoak partekatu beharreko erantzukizuna den neurrian, horrela bermatuta egon dadin pertsona orok zaintza-sistemak baliatzeko aukera, eta baita zaintzaileen duintasuna eta lan-baldintzak ere.

ERAKUNDE DOKUMENTATZAILEA: Feminismos Desazkundea eta Brujas y Diversas.

TOKIA: Bilbo

Pertsona zaintzaileen duintasuna

Kasu honetako protagonista Pilar Gil Pascual da. Pilar 1958an etorri zen Bilbora bizitzera eta etxeko langile aritu zen, bere lurraldean gerraosteak sortu zuen txirotasunaren ondorioz enplegu baten beharra zuelako. Hasieran barneko langile aritu zen, eta gerora eguneko langile. Horrez gain hainbat ekimenetako militante izan da, eta orain erretiroa hartu duen arren, aktibo jarraitzen du.

Pilarrek beste hainbat emakumeren kasua gorpuzten du; emakume, zaintzaile, txiro eta migratzaile gisa duten posiziotik, emakume horiek aurre egin behar izan diete, batetik, patriarkatuak zein kapitalismoak bizitzaren jasangarritasunaren eskubidea gauzatzeko jartzen dituzten oztopoei, eta bestetik, zaintza lanak justizia eta duintasun baldintzetan gauzatzeko mugei.

Salatzekoa da ere emakumeek genero-estereotipoen ondorioz pairatzen duten presioa, zaintza-lanak doan eta aitortzarik gabe egin ditzaten. Hala gertatzen da senideak edo gertukoak zaintzeko betebeharrarekin, eta batzuetan ingurukoek xantaia emozionala egin eta erru-sentimendua egozten diete. Zaintza erantzukizun soziala dela ulertzen dugu guk, pertsona guztiok gure gain hartu behar duguna.

Modu bereziki gogorrean salatu eta ikusarazi nahi dugu zaintzaile izateaz gain migrazio-prozesuak,
arrazakeria, xenofobia eta bestelako aurreiritzi zabalduak bizi izan dituzten emakumeen zapalkuntza
espezifikoak.

Kasu honek erakusten du emakumeek gauzatutako zaintza-lanak ez aitortzeagatik desparekotasuna
eta bidegabekeria sortzen direla maila sozial, legal zein ekonomikoan. Hori dela eta, aldarrikatu eta
aitortu nahi dugu bizitzaren jasangarritasunarentzat zaintza-lanek daukaten garrantzia eta
lehentasuna.

ERAKUNDE DOKUMENTATZAILEA: CDH Fray Matías de Cordova AC

TOKIA: Mexiko eta Guatemala arteko muga. Tapachula

Emakume migratzaile eta zaintzaileen estigmatizazioa eta esplotazioa.

Floriberta Robleroren kasua mugan dagoen Tapachula hiriaren migrazio-testuinguruan kokatzen da, Chiapaseko estatuan, Mexiko eta Guatemalaren artean. Hiri horren ezaugarriak migrazio- eta historia-aniztasuna dira, non jatorriak, igarobideak, helmugak eta itzulerak elkar gurutzatzen duten. Chiapaseko biztanle atzerritarren %55 emakumezkoak dira; horietatik %66 Guatemalakoak dira, gazteak, adin produktibo eta erreproduktiboa daukate, analfabetismo maila altua, eta eskolatze-aldi laburra jaso dute. Haiei zuzendutako lan-eskaintza, nagusiki, arlo hauetara mugatzen da: nekazaritza lana, sexu-industria, entretenimendua eta etxeko zein zaintza lana. (NBE Emakumeak, 2015).

Emakume hauek, gainera, estigmatizatu egiten dituzte “paperik gabeko” atzerritarrak, txiroak, eskolagabeak, indigenak, “zerbitzariak” eta “kaleko emakumeak” izateagatik, eta horrela, aurre egin behar diete baita ere egungo berezko arrazakeriari, klasismoari eta matxismoari.

Floriren kasua.

San José Ojetenam-en (Guatemala) jaio zen Flori, sei neba-ahizpako familia batean. Haien artetik bera da 14 urte zituenetik Tapachulako etxeetan lan gehien egin duena, familiako ekonomiari ekarpena egiteko. 24 urte zituela haurdun geratu zen, baina egoera ezkutatu zuen kaleratzearen beldur zelako; hain zuzen, kaleratu egin zuten haurdunaldia agerikoa izan bezain laster. Gauzak horrela, badirudi ez dagoela amatasun eskubiderik etxeko langileentzat. Flori familiarekin joan zen eta semeak bi urte zituela Tapachulara itzuli zen lanera, semea haren amonari utzita eta familia urtean bizpahiru aldiz bisitatuta, zazpi urtez. Denbora-tarte horretan lan-
baldintza oso gogorrak bizi izan zituen: atseden-egun bakarra zuen astean, opor edo jai-egunik ez, eta lanaldia goizeko 6etatik gauerdiko 12ak arte luzatzen zen.

Tapachulan Emakumeen Espazioa ezagutu zuen Florik, eta emakumeek pairatzen dituzten gehiegikeriak eta bazterkeria irmo salatu zituen. “La voz del Parque” izeneko radiobocina delakoa sustatu zuen, zeina tresna komunitarioa den emakume migratzaileak haien eskubideen inguruan informatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko.

2015ean Florik aldi baterako egoitza txartela lortu zuen, eta horrela herrialdetik sartu eta irteteko arriskuak murriztu zituen, baita atxilotzeko arriskua ere. 2016an ebakuntza behar zuten osasun-arazoak izan zituen, baina ezin zion lan egiteari utzi eta familiak behar zituen diru-sarrerak eten, eta hortaz ebakuntza atzeratu behar izan zuen. Floriren kasuak Tapachulako emakume migratzaileek bizi duten indarkeria eta esplotazio egoera ikusarazten du, gobernuak ez duelako borondate politikorik lan-baldintza duinak eta bidezkoak bermatzeko.