Zentzuz Kontsumitu patzuergoak Gasteizen egindako ikerketa batek, bizitzaren jasangarritasunerako eta ekonomiarako funtsezkoa den sektore honetako legeria baztertzaileak eta babegabetasuna agerian utzi ditu.
“Zaintza langileek beraien lan eskubideen urraketa sistematikoa bizi dute”, adierazi du Estibaliz Gómez de Segura Olaldek, Zentzuz Kontsumitu patzuergoan Mugarik Gabe elkartearen ordezkariak. ‘Zeinek zaintzen du eta nola Vitoria-Gasteizen? Etxeko-langileen egoera Vitoria-Gasteizen: hurbilketa bat’ txostenaren aurkezpenean parte hartzaileetariko bat izan da.
“Zaintza eta etxeko-lanen inguruko legeriak zeharo baztertzaileak dira. Transnazional batetako zuzendariarena bezain duina den lanaldi oso bat ordainduko bagenu zaintza langileei, ez legoke nahikoa dirurik”, azpimarratu du teknikariak.
Ekonomia feministaren marko teorikoan oinarritutako ikerketa honek etxeko-enpleguaren datuak eta atzerritartasun legearenak gurutzatu ditu eta hala frogatu du sektore hau eta, bereziki, “barne etxeko-langileen modalitatea lan eta egoitza baimenik ez duten emakumeentzat —alokairua ordaintzeko diru nahikorik ez dutenak, eta kanporatuak izateko beldur direnak—” hobi bat dela. Horrek egoera konplexu bat dakar: “Bertako biztanleriak baliabide gutxi ditu zaintza beharrei arreta emateko eta emakume etorkinak low cost irtenbidearen papera betetzen dute, legeak onartutakoa. Egoera hau Atzerritartasun legearen mugen ondorioa da eta baita emakume honen egoera zaurgarriaren ondorio”.
Ikerketak zaurgarritasun horren bost ardatz aintzat hartzen ditu. Lehena, legeria baztertzailea: besteak beste, etxe-langileei langabezia-prestazioa ukatzen die, zaintzen duten pertsona hiltzen denean langileak ez du babes juridikorik jasotzen, soldatek ez dute Etxeko Langileen Sistema Bereziak 2011an ebatzitako kotizazio-oinarriak errespetatzen, gaueko lanaldia ez dago arautua… Ikerketak beste praktika ez bidezko bat identifikatu du: soldata murrizteko, parte bat gauzaz ordaintzea, esaterako etxean bazkaltzeagatik edo garbigailua erabili ahal izateagatik, soldataren %30a galdu dezake langileak.
Bigarren ardatza kontratuen bidezko lan eskubideen urraketari dagokio: maiz kontratuek ez dute argi uzten langilearen zereginak edo ordutegia, eta soldata igo gabe hasieran adostu ez zituzten eginkizunak eskatzen zaizkie. Hitzarmen kolektibo bat ez izatea da egoera honen arrazoietako bat. Hirugarren arazoa zera da, askotan enplegatzaileak ez dituztela langileen alta egiten Etxeko Langileen Sistema Berezian, eta horrek babes falta areagotzen du.
Bestetik, txostenak adierazi du etxe-langileek indarkeria matxistak, arrazistak eta klasistak bizi dituztela. Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE), etxe-langileen %22ak onartu du noizbait lanean sexu jazarpena bizi duela, eta %45ak lan bila zebilela telefonozko dei lizunak jaso dituztela.
Azkenik, enplegatzaileekin harremanean zaurgarritasun egoerak ere identifikatu ditu ikerketak, besteak beste langileak bere eskubideak defendatzeko dituzten zailtasunak eta enplegatzaileen botere eta kontrol jarrerak.
Txosten honen aurkezpen ofiziala hurrengo asteazkenean izango da, Maiatzaren 15an, arratsaldeko 19etan, Landatxoko Gizarte Etxean. Txostenak indarreko legeak aztertu ditu eta gogoratu du Espainiako Estatuak ez duela Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmena berretsi ezta 201. Gomendioa.
Mugarik Gabeko teknikariak azpimarratu du “emakumeen sorbaldek bizitza eusten dutela, mundu osoan zehar”. Eta gogoratu du bazterkeria egoera hau ez dela EAE edo Espainiar Estatuko egoera bat, baizik eta egiturazkoa dela Ipar zein Hegoaldeko herrialde guztietan.
Hala ere, Estibaliz Gómez de Segura Olaldek gaineratu du “Mendebaldean bizi garen emakumeak botere kuotak lortzeko eta espazio publikoan parte hartzeko, zaintza lanak alde batera utzi ditugula, horretarako immigrazio, pobrezia eta gatazka egoerez baliatu direla, prekarietate handiarekin bizi diren emakumeek zaintza lan hori hartu dutelarik. Horrek, genero rolak mantentzea ahalbidetu du”.
“Zaintzek ekonomia sostengatu egiten dute”
Prentsaurrekoan Tita Golíndez, Guatemalako Sector de Mujeres erakunde politikoko kideak parte hartu du, eta zaintza kate globalen dinamikak salatu ditu: “Zer gertatzen da Guatemalako emakumeak beste leku batetara zaintzera doazenean? Nor geratzen da orduan Guatemalan zaintzez arduratzen?”, galdetu du. Erantzuna: andrek migratu egiten dutenean, beste emakumeak dira familiaren zaintzak eusten dituztenak, askotan neska txikiak edo adineko emakumeak.
Golíndez-ek Guatemalako egoera deskribatu du, non kolonialismoak eta arrazakeriak baldintzatzen duen zaintzen sektorea: etxe-langileen %85a emakume indigenak dira. Nabarmendu du sektore honen aldarriak “nazioaren agendan sartu behar direla”, sektorea bera eraldatzeko. Guatemalako Barne Produktu Gordinaren %18,9-a zaintza lanari lotutakoa da, hortaz, nekazaritzak (%17a) baino pisu gehiago du. “Nekazal-industriak baino aberastasun gehiago sortzen dugu. Gu gabe ez legoke errentarik, ez kapitalik, ez irabazirik. Zaintzek ekonomia sostengatu egiten dute”, azpimarratu du.
Amaitzeko, Tania Cañas, Alianza de Mujeres Atravesadas por el Racismo (AMAR) elkarteko kideak, gogoratu du hau dela Araban gai honen inguruan egindako lehen ikerketa. Bere esanetan, premiazkoa da mugimendu feministak zaintza eta etxeko langileekin harremana indartzea.
Zentzuz Kontsumitu Patzuergoa honako elkarteek osatzen dute: Setem Hego Haizea, Mugarik Gabe eta Medicus Mundi Araba. Ekimen honek 13 urte daramatza kontsumo jasangarri eta eraldatzailearen alde egiten, hiru ardatz landuz: kontsumo arduratsua, elikadura burujabetza eta zaintzak.
Utzi iruzkina