Hamarkadak daramatzagu egungo bizimodua zalantzan jartzen eta planetako baliabideak agortzen dituen kontsumo neurrigabean aldaketak egin behar direla aldarrikatzen. Espezie bizidun izaki, bizitzeko behar duguna naturatik eskuratzen dugu: ekomenpeko izakiak gara guztiz. Era berean, bizirik irauteko, beste pertsonek gu zaintzearen mende gaude: elkarmenpeko izakiak gara.
Egungo ekoizpen-, erreprodukzio-, banaketa- eta kontsumo-sistema giza bizitza ahalbidetzen duten oinarrizko menpekotasun horiek aintzat hartu gabe garatu da.
Gizarte jasangarriak, justuak eta ekitatiboak eraikitzeko, uste dugu bizitzaren eta planetaren zainketa erdigunean jartzen dituen beste eredu guztiz desberdin batera aldatu behar dugula. Hori lortzeko modu bakarra elkarrekin lan egitea eta diskurtsoak, borrokak eta mugimenduak artikulatzea da. Eremu desberdinetako hainbat kolektibok (gizarte-mugimenduak, GGKEak, sareak eta sindikatuak) proposamenak eta aldarrikapenak adostu ditugu estrategikotzat jotzen ditugun lau ardatzen inguruan: ekonomia pertsonen zerbitzura, deshazkunde energetikoa, elikagai-subiranotasuna eta pertsonen zainketa, bizitzaren jasangarritasunaren euskarri gisa.
Manifestu moduan aurkezten ditugun proposamen eta aldarrikapen hauek erakunde publikoei zuzentzen dizkiegu, bizimodu jasangarrietan oinarritutako gizarte justu eta ekitatibo baterako beharrezko trantsizio politikoa gidatzen lagundu dezaten, pertsonen, herrien eta naturaren arteko harreman eta praktika politiko, ekonomiko, sozial eta kultural ekitatibo, solidario eta errespetuzkoak eraikitzearen alde apustu eginez.
Herritarrei dei egiten diegu, banaka edo kolektiboki, manifestu honi atxikitzeko: