Nondik gatoz
Egungo garapen-ereduaren aurrean alternatibak bilatu behar direla sentitzen dugun hainbat kolektiboetako erakundez (gizarte-mugimenduak, GKEak, sareak edota sindikatuak) osatutako taldea gara.
Sarean lan egiten hasi ginen bizitzaren eta planetaren zainketa erdigunean kokatzen duten antolakuntza sozialeko eredu berriak eraikitzea proposatzen diguten pentsamendu-korronte ezberdinak (Desazkunde eta Bizitze Onaren paradigmak ikuspegi feministatik, besteak beste) hobeto ulertzeko eta elkarri konektatuta ezagutzera emateko nahian.
Jakina da sistema kapitalistak baliabide natural berriztaezinen ustiapenean oinarritutako hazkunde mugagabea duela helburu, eta hori bideraezina da. Gure ustez, kapitalismoak ez du etorkizunik; horregatik, proposatzen dugu bizitza erdigunean jartzen duen eredu sozial jasangarri, ekitatibo eta justu batera igarotzea.
Elkarmenpeko izakiak gara; ezingo genuke bizirik iraun beste pertsonek gu zaintzeko denbora eta energia eskainiko ez balute. Era berean, ekomenpeko izakiak gara, bizitzeko behar duguna izaditik eskuratzen dugu; hortaz, ez du zentzurik ekonomiak izadia alde batera uztea.
Sarean egindako lan honen ondorioz, 2011tik Topaketak antolatu ditugu urtero (2016, 2014, 2013, 2012, 2011). Topaketa horietan, hausnarketarako guneak sortu ditugu eta dagoeneko martxan dauden esperientzia eta alternatiba praktikoak, bizitza antolaketa kolektiboaren erdigunean jartzen dutenak, ezagutu ditugu. Hasieratik argi izan genuen feminismoaren alde apustu egin nahi genuela, uste baitugu egungo eredua ordezkatuko duen edozein alternatibak sistema kapitalista ez ezik sistema heteropatriarkala ere salatu behar duela. Prozesu luze honetan, halaber, azpimarratu dugu lanaren ideia berriro kontzeptualizatu behar dela, alde batera uzteko lanaren eta enpleguaren arteko baliokidetasun faltsua, zeinak zainketa-lanak ikusezin bihurtzen dituen eta hasi behar dugun trantsizio ekologikoa oztopatzen duen.
Uste dugu nahitaezkoa dela sareak sortzea, elkarrekin lan egitea eta diskurtso, borroka zein mugimenduak egituratzea eraldaketa sozialerantz aurrera egin ahal izateko.
Non gaude orain
Hausnartzen eta sarean lan egiten jarraitzen dugu, arreta jarrita sarea osatzen dugun kolektiboek Euskal Herrian garatzen ari garen lan-eremuetan eta, sortu daitezkeen beste ereduetarako beharrezko trantsizioan aurrera egiteko, gure lana, diskurtsoak eta borrokak partekatzeko moduan.
Behar eta interesen arabera egituratutako eta bizimodu jasangarrietan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko proposamenak garatzen eta ikusgarri egiten laguntzeko helburua ezarri genuen. Denon artean Oinarrizko Dokumentua eraiki genuen, intzidentzia politiko bateratua lortzeko eta alternatibak gauzatzeko balio dezaketen maila politiko-estrategikoko proposamenekin eta alternatiba kolektibo eta banakakoekin. Desazkunde eta Bizitze Ona Topaketetan jorratutako gaien jarraipen gisa, Oinarrizko Dokumentuaren lau ardatz estrategikoak hautatu ziren: elikagai-subiranotasuna, eredu energetikoa, ekonomiaren birlokalizazioa eta zainketa.
Bestetik, estrategikotzat jo genuen Oinarrizko Dokumentua denon artean eraikitzeko prozesuan hautatutako ardatz tematikoetan erreferente diren kolektibo aliatuek ere parte hartzea. Azkenean, denera 19 erakundek eta sarek (17 Euskal Herrikoak eta 2 Latinoamerikakoak) hartu zuten parte Oinarrizko Dokumentuaren eraikuntza kolektiboan. Eta argitalpen hau sarean egindako lan-prozesu horren emaitza da.
Espero dugu argitalpena baliagarria izatea maila politiko-estrategikoak jasotzen dituen zenbait puntu eta aldarrikapen egiteko Intzidentzia Politiko Kolektiboaren Agendaren prestakuntzari begira. Espero dugu, halaber, argitalpenak lau ardatz tematikoetarako jaso diren proposamen eta alternatiba banakako zein kolektiboak gauzatzen lagunduko duela.
Erakundeak
Egungo garapen-ereduaren aurrean alternatibak bilatu behar direla sentitzen dugun hainbat kolektiboetako erakundez (gizarte-mugimenduak, GKEak, sareak edota sindikatuak) osatutako taldea gara.
Oinarrizko Dokumentua denon artean eraikitzeko prozesuan, hautatutako ardatz tematikoetan erreferente diren kolektibo aliatuak gehitu dira. Honako hauek dira: