Otsailaren 23 eta 24an Bilbon Herri Auzitegia burutuko dugu. Zaintzez gain, elikaduraz ere jardungo gara, besteak beste.

Elikadura burujabetzaz eta jadanik martxan dauden alternatibez hitz egingo duzu Herri Auzitegian.

Hemen azaldutako kasuen bidez itxuraz errealitate ezberdinak dituzten munduko hainbat tokitan lurralde eta elikadura-burujabetza eskubideak urratzen direla agerian uzten dute. Euskal Herriko kasuan zein Iacu Cachi indigenen kasuan, nekazari komunitate txikiei lurrak desjabetzen dizkiete, interes komunen gainetik etekin pribatua lehenesten duten garapen-ereduak inposatzeko.

Bizimodu jasangarrietarako auzitegian lurraren eta uraren garrantzia aldarrikatzen dugu, ezinbesteko ondasun komunak diren neurrian. Horrela, transgenikorik gabeko eta kalitatezko elikagaiak ematen dituzten nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza ereduen alde egiten dugu. Gure ustez, kasu guztietan, lurraldeaz hausnartzeko parte hartzeko mekanismoak txertatu behar dira.

ERAKUNDE DOKUMENTATZAILEA: BIZILUR
TOKIA: EUSKAL HERRIA

Azpiegitura suntsitzailea eta bideraezina.

1998. urtean abiadura handiko tren baten inguruko zurrumurruak hasi ziren, hiru euskal hiriburuak elkartu ondoren hiriburuok Espainiako eta Frantziako Estatuekin lotuko zituena. 2004-2005 artean publikoki aurkeztu zen Abiadura Handiko Trenaren (aurrerantzean, AHT) ibilbidea, gaur egun Euskal Y izenaz ezaguna dena (192 km-ko ibilbidea); guztira, 10.000 milioi euroko inbertsioa dakar azpiegitura honek. Planifikazioa eta diseinuaren eskumena Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioarena eta Eusko Jaurlaritzarena izan da.

2006an hasi zen AHTa eraikitzeko obra, eta euskal paisaiaren bereizgarritasunak direla eta, ibilbidea konplexua eta suntsitzailea da: %70 tuneletan barrena doa, eta %10 zubibideetatik. Gaur egun, ibilbidearen zati handi bat eraikitzen dabiltza oraindik ere, eta azpiegiturari dagozkion alderdi garrantzitsu batzuk ez daude zehaztuta.

Trenbide-sare hau Espainiako eta Frantziako Estatuko hiriburuen artean konexio azkarra edukitzeko asmatu zen bereziki. Hala ere, ez dago bi konexio horiei buruzko proiekturik ezta aurrekonturik, eta zalantzak daude bideragarritasunari dagokionez. Gainera, adituen arabera, hiriburuen arteko distantzia laburra dela eta, AHTak ezin izango du bidaietan denbora nabarmen murrizteko espero zen abiadura hartu. Erabiltzaile profil nagusia negozio-gizon zuria da, eta horrek errenta baxuko pertsonak baztertzea dakar.

Hartara, AHTaren arrakastaren hasierako oinarriak, gaur egun, ezerezean geratu dira. Lurraldearen defentsaren eta elikadura burujabetzaren alde mobilizatuta.

Bestalde, elikadura burujabetzako ikuspegitik, hipotekatu egin da lurraren erabilera (674 hektarea desjabetu dira) eta baita baliabide natural asko ere; horrela, pertsonei premia errealekin bat datorren lurralde-antolaera ukatu zaie, eta tokiko elikagaiak ekoizteko aukera oztopatu. Bilbon ospatutako Bizimodu Jasangarrietarako Herri Auzitegiak 1.400 eta 1.600 biztanle dituzten Atxondo eta Ezkio Itsaso herrietako kasu paradigmatikoak salatu egin nahi ditu, . Nekazaritza tradizioa duten bi herrioi lurraldearen zati handi bat desjabetu diete.

DOKUMENTATZAILEA: MNCI (Argentina)
TOKIA: Bajo Hondo, Juan Felipe Ibarra departamendua, Santiago del Esteroko probintzia,
ARGENTINA
TESTIGANTZA ESKAINI DUEN PERTSONA: Iacu Cachi komunitatea

Enpresen interesak eta desplazamendu behartuak.

Argentinako landa sektorean, nekazaritza lurrak familia kontserbadorez osatutako oligarkia baten eskuetan pilatzen dira nagusiki. Familia horiek transgeniko-ekoizle nagusien interesak ordezkatzen dituzte, eta nekazaritzan eredu industrial neodesarrollista ezartzearen alde egiten dute. Eredu horren helburua da herri indigenen, nekazari txikien eta eremu babestuetako lurraldeetako baliabide naturalak kontrolik gabe ustiatzea, nekazaritzako negozio-eredua eta monolaborantza zabaltzeko.

Helburu horrekin, azken hamarkadetan enpresariak bortizki oldartu zaizkie komunitateei haien eskubideei uko egin diezaieten, eta epaiz kanpoko kaleratzeekin mehatxu egiten diete. Herri indigenek lurrarekin duten harremana ezinbestekoa da bizirik iraun eta garatu daitezen; hortaz, komunitatearentzat heriotza-epaia da beren lurraldetik desplazatzea edo baliabide naturalak kentzea.

Horren ondorioz, Bajo Hondoko Guaycurú herriko Iacu Cachi komunitate indigenak etengabeko gatazka eta erresistentzia egoera bizi izan du azken urteotan, eta mehatxuak, legez kanpoko atxiloketak eta torturak pairatu dituzte polizien aldetik. Halaber, komunitateko kideak arrazoirik gabe kriminalizatu dituzte, eta delitu faltsuak leporatu dizkiete. Horrekin batera, enpresariek kaputxadun armatuen taldeak sartu dituzte lurraldean; talde hauek landako eremu murriztu batean familiak gatibu mantendu eta indarkeria eta beldurra baliatuz estortsio egin diete , komunitateko bideak blokeatzen dituzte eta miaketa operazio ilegalak egiten dituzte. Indarkeriaren inpunitatea eta Iacu Cachi herriaren erresistentzia. 90eko urteetan 40 familia inguru bizi ziren Bajo Hondon, 4000 hektarea inguruko eremuan. Ordutik, hainbat enpresa-gizonek (Putiniano, Bielsa…) lurren zati handi bat bereganatu dute eta antzinako benetako jabeak bota dituzte, basogabetze eta hesitze lanak segituan abiatzeko.
2012an Orlando Canido enpresa-gizona, Manaos soda edarien jabea, iritsi zen lurraldera. 4000 hektarea erosi zituela adierazi zuen, eta herritarren aurka egin zuen haien jabetza eskubideak eta akzioak eman zitzaten, bestela lurraldetik epaiz kanpo botako zituela mehatxatuz.

2016ko uztailean lau kamioneta eta aurpegia estalita zuten 20 pertsona armatu bortxaz sartu ziren lurraldean; Valeria Araya eta Mari Leguizamón mehatxatu zituzten, animalien kortak eta askak suntsitu, erre eta ur putzuak pozoitu zituzten.

Irailean, Orlando Canidoren Manaos enpresako hiru kamioneta —armatutako 15 pertsona barruan — lurraldean sartu ziren eta komunitatearen aurka tiroka oldartu ziren. Komunitateko biztanleak mendira ihes egin bahar izan zutenbabes bila seme-alabekin; gizon armatuek haietako bat zauritu zuten, eta haien etxeak eta ibilgailuak nola erretzen zituzten ikusi zuten.

Egoera horretan haurrek herriko eskolara joateari utzi diote, etengabe kontrolatzen dituztelako, eta hortaz oinarrizko hezkuntza-eskubidea urratu diete. Gainera, gobernuak eta botere judizialak enpresarien inpunitatea babesten dute, eta hartara, komunitatearen salaketek ez dute eraginik izan.