Esther Muñoz, Mugarik Gabeko Ingeniaritza

Goiz argitu da eguna, 05:00 a.m., nagiak atera, luzamenduak patxadaz egin eta etxaldeko punturik garaienera igotzeko jaiki naiz: El Rodeo etxaldea eta Marañonera, kolonia edateko urez hornituko duen depositura hain zuzen ere. 54 metro kubiko 84 familientzat. Puntu honetatik ikusten dut egunsentia egunero, zeruertzari begira erlaxatzen naiz, naturaren soinuak aditzen, aspaldi esnatutako oilarren azken kukurrukuak entzuten, koioteren baten uluei txakurrek emandako erantzunak aditzen… eta txoriak; chejea, kolibria, akaso torogozen bat, zeintzuen edertasuna ezin izan dudan kontenplatu. Egun bakoitza hastean aurrean dudan zeruertz gorrizta Honduraseko mendiak dira, oraindik ere zauri irekiak adierazten dituen historia hurbilaren mugaldea.

Gosaltzera jaitsi naiz eta etxekoandrea opilak egiten hasi da jada, ni esnatzen hasi naizen ordu berdinean etxeko beste emakume batek komunitatearen errotan irindu duen arto-irinarekin egindakoak. Horren ondoren etxean erratza pasatu, gaueko eta goizeko sukaldeko tresnen harrikoa egin, zorionez oso urruti ez dagoen harraskatik ura igo… Etxeko lan bat beste baten atzetik egin, eta dagoeneko bazkaria prestatzen daude. Bazkalorduan etxeko bizitza guztia gelditu egiten da. Bataz beste 30 ºC egiten ditu egunez, eta eguerdian, eguzkia garaienean dagoenean, hamakan etzateko ordua da, balantzaka erlaxatu eta atseden hartzeko ordua, berriz ere zaintza lanei ekin ahal izateko. Oiloei eta txakurrei jaten eta edaten eman, lorategi ederreko loreak ureztatu eguzkia sartzen ari denean, eta azkenik, berriz ere harraskara joan, eguneko arropa ez dadin pilatu garbitu, eta egun osoan bildutako beroa kentzeko bainu bat hartu. Berriz ere harraskara, soinean garraiatu daitekeen ur guztia hartzeko; atzerritarrak botila eta bonbilla txikietan, eta El Rodeoko emakumeak aldiz 15 litrotik gorako tinak buru gainean hartuta, bidea harritsua izan arren, horien oreka inongo momentuan arriskuan jarri gabe.

Harraskatik banaketa depositura ura igotzea -zeinetatik egunsentia ikusten nuen nik-, eta bertatik euren kontadorea eta iturria irekitzeko prest zuten komunitateko 84 familietara banatzea -(ADESCO)1 elkartearen (Asociación de Desarrollo Social de la Comunidad- Komunitatearen Garapen Sozialerako Elkartea) azken oniritziaren esperoan-, El Salvadorreko komunitate askotako pertsonen gurari komuna da. Batez ere emakumeena, ur-korrontearen etorrerarekin euren zaintza lanak nola gutxitzen diren ikusten baitute, hala denboran, nola gogortasunean ere.

Ura banaketa-depositura bultzatzen duen energia eguzki-energiarena izatea lortu dute El Rodeon. 32 eguzki-plakek itzala ematen diote harraskari, arropa garbitzeko, bainua hartzeko edo edateko zein bestelako etxeko lanak egiteko ura jasotzen den harraska horri. Eguzki-energia ez dute hautatu CO2 isurpenak gutxitu nahi dituztelako, edo eta energia deszentralizatu edo demokratizatu nahi dutelako. Familia askoren autosufizientzia-ekonomiak2, elektrizitatearen prezio altuak 3 eta etxe guztietara banatuko den ur eta saneamendua lortzeko gobernu-laguntzaren faltak, hasierako inbertsioan lagunduko dien erakunde baten babesa bilatzera bultzatzen ditu, behin inbertsio hori eginda, inguruotan horren ugaria den eguzki-energia erabiltzen baitute, hilero familia bakoitzarentzako ur-edangarriaren 10-12 m³ lortu ahal izateko kostu ekonomikoa txikitzeko soluzio bezala. Oso ur kontsumo txikia da, hilabetean Espainiako Estatuan 4 kideko familia batentzat zenbatetsitakoaren erdia4 baino apur bat gehiago hain zuzen ere.

Bonbeo eguzki-instalazioa

Inolako zalantzarik gabe, etxe guztietara ura iristearen onuradun nagusiak emakumeak izan dira, eta modu berdinean eurek izango dira ur-sistemaren kudeaketa eta mantentze lanen protagonistak. Alde batetik ADESCO elkarteko bi emakumek banaketa-sistema guztiaren mantentzerako formazio prozesu guztia jarraitu dute. Era berean eurek izan dira sistema abian jartzeko azken probak eta prestaketa-lanak egin dituztenak. Bestetik, emakumeak izango dira Uraren Komitean5, hartzen diren erabakietan nagusi; Komitea osatzen duten 6 pertsonetatik 4 emakumeak izango baitira. 2019. urteko martxoaren 16an eratu zen ura bulkatzeko eta banatzeko sistema kudeatzeko Uraren Komitea. Eraketa asanblada horretara sistemaren onuradun guztiak gonbidatu zituzten.

Etxeetara iristen den elektrizitatea garestia da, komunitateetan diru-sarrerak dituzten familiek Estatuak diruz lagundutako6 hileroko faktura bat euren gain hartzen dute: 3 – 9 dolar/hilero hozkailu baten, kontsumo baxuko zenbait bonbillaren, telebistaren eta sakelako telefonoak kargatzeko behar den energiagatik. Guztira 50 kWh baino gutxiago hilero; Iparralde Globala bezala ezaguna den herrialdeetako kontsumo-elektrikoa baino askoz txikiagoa. Espainiako Estatuko etxeetan bataz-beste 290 kWh kontsumitzen dira hilero7, El Salvadorreko komunitateetan kontsumitzen dena baino 5-10 aldiz gehiago.

Elektrizitatearen prezioaren etengabeko gorakadaren ondorioz, gure herrialdeko gero eta familia gehiago daude pobrezia energetikoa pairatzeko arriskuan; jaki hotzekin elikatzen diren familiak, kandelekin argitzen dituztenak etxeak, ezin diotelako energia-fakturen ordainketei aurre egin.

El Salvadorren kasuan, ura etxean izateko oinarrizko beharrari erantzuteko, komunitateetako pertsonak euren gain hartzen ari dira euren Energia-Burujabetza; eguzki-energiaz hornitutako ur-banaketa sistema propioak sortu eta eurek propio kudeatzea asanbladan hautatutako komite baten bitartez. Ur banaketa sistemaren onuradun den familia bakoitzak ahotsa eta boto eskubidea du, bai eta komiteko kide bezala hautatua izateko eskubidea ere.

Asamblea del comité de aguas.

Ura eta energia izateko eskubide unibertsalak, bizitza jasangarriak erdiesteko oinarrizko eskubideak dira pertsonak bizitzaren erdigunean jartzeko, tradizionalki emakumeek egin dituzten zaintza lanak aitortzeko. Nondik dator Energia, nola iristen zaigu ura eta nork mantentzen ditu gure bizitzak; energia, ura eta zaintzak elkarren arteko dependentzia duten faktoreak dira, behar beharrezkoak pozez bizitzea mereziko duten bizitzak eraikitzeko.

1ANDA administrazioak (Administración Nacional de Acueductos y Alcantarillados- Akueduktu eta Estolderien Administrazio Nazionalak) ur-sistema ezarri ez duen lurraldeetan ADESCO Elkarteak hartzen du horren kudeaketa.

2Euren etxaldeak ematen dienaz bizi dira, salmentagatiko diru-sarrera eskasekin edo Estatu Batuetan bizi den senideren baten diru-bidalketei esker.

3El Rodeokoa bezalako sistema batean, ura banaketa depositura arte garraiatzeko ponparen kostu elektrikoa 300 €/hilero baino handiagoa izan daiteke.

42014, Estatistika Institutu Nazionala – Instituto Nacional de Estadistica (INE), https://www.ine.es/prodyser/espa_cifras/2017/index.html#7

5El Rodeoko ADESCO elkarteak sistemaren ezarpena eta abiaraztea kudeatu du; hortik aurrera, berariaz sortutako erakunde kudeatzaile bat izango da uraren punpatze eta banaketa sistema kudeatuko duena.

6Iturria: Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutua – Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energía (IDAE), 2011. https://www.idae.es/uploads/documentos/documentos_Documentacion_Basica_Residencial_Unido_c93da537.pdf

7Iturria: Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutua – Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energía (IDAE), 2011. https://www.idae.es/uploads/documentos/documentos_Documentacion_Basica_Residencial_Unido_c93da537.pdf