‘TipiTapa Bagoaz: Hacia Vidas SOStenibles’ kanpainak eta Mugarik Gabe GGKE-ak ikastaro bat antolatu dute Basauriko Emakumeen Etxean, ingurugiro krisialdia aztertu eta gizarte aldaketarako alternatibak plazaratzeko.
Petrolioaren amaiera, klima aldaketa, prekarietatea, eskuin muturren gorakada, indarkeria matxistak, Giza Eskubideen etengabeko urraketak… Honek guztiak sistemaren krisia eragin du, gizarte eta ekonomia ereduarena.
Erronka hauek ezagutzera emateko eta alternatibak bilatzeko helburuarekin, ‘TipiTapa Bagoaz: Hacia Vidas SOStenibles’ eta Mugarik Gabe GGKE-ak ikastaro bat antolatu dute, ‘Estamos a tiempo. Cómo caminar hacia las Vidas SOStemibles’ izenburuarekin (gaztelaniaz izango da). 16 orduko iraupena izando du eta Marienean egingo da (Basauriko Emakumeen Etxean, alegia), Maiatzaren 9, 10, 16 eta 17an, goizeko 9.30ak eta arratsaldeko 2ak bitartean.
“Oraindik eromen hau gelditzeko eta bizitza erdigunean jartzeko garaiz gaude. ‘Kontsumitu eta isildu’ pentsamendu bakarrari eta hazkunde mugagabeari aurre egiteko era asko daude”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Ikastaroa doan da eta lau tailerretan egituratuko da: lehenengoa testuingurua aztertzeko, bigarrena aldarrikatzeko, ondoren esperientziak partekatzeko (Nikaragua eta Guatemalako proposamenez hornituz, Xochilt Acalt eta Sector de Mujeres-en partaidetzaren bidez), eta azkenik gauzak aldatzeko gure egunero bizitzan zer egin dezakegun ikastea izango da helburua. “Zer egin dezakegu gure egunerokoan bizitza jasangarrien aldeko bideak eraikitzeko? Aztertu, aldarrikatu eta eragin”, hori da antolatzaileen mezua. Ikastaroa zeharkako lau ardatz uztartuko ditu: energia, elikadura, zaintzak eta ekonomia.
Ikastaroak dinamika parte hartzaileak eta tailerrak erabiliko ditu eta hauek izango dira saioak dinamizatuko dituzten koletiboak: Desazkundea mugimenduko feminismo saila, Mugarik Gabeko Ingeniaritza EGK-a, nekazariak eta Mugarik Gabe elkarteko teknikariak.
Izena emateko Mugarik Gabeko webgunera jo.
Hausnarketa kolektiboa
‘TipiTapa Bagoaz: Hacia Vidas SOStenibles’ gizarteratze eta komunikazio kanpaina elkarte, gizarte mugimendu, GGKE, sare eta sindikatu askotarikoek osatzen dute. Helburua egungo garapen eredua gainditzeko alternatibak eraikitzea da, bizitza eta planetaren zaintzak erdigunean jarriz. Kanpainaren ardatza ongi bizitzea eta desazkundea da. Kanpainak abian jarritako azken ekimenak, Gabonetako gehiegizko kontsumoa salatzeko laburmetrai lehiaketa bat eta Bizimodu Jasangarrietarako Herri-Auzitegia.
Utzi iruzkina